4.1. Diru-laguntzak
Diru-laguntzen atalaren barruan hiru laguntza-mota bereizi behar ditugu:
Hasteko, amatasun– eta aitatasun-baimenak (parental leave), haurtzaroko lehen uneetarako, jaio eta berehala (nahiz eta kasu batzuetan haurdunaldiaren azken faseetara ere hedatzen diren). Denbora-neurri honek dirua ere badu tartean, %100ean ordaintzen den denbora baita.
Bigarrenik, diru-laguntza zuzenak (cash benefits), familientzako transferentzia bidez kostuak konpentsatzeko metodo gisa jarduten dutenak seme-alabak hezteko orduan.
Hirugarrenik, zerga-babesak (tax benefits), zerga-kenkarien eta zerga-murrizketen bidez familientzako kostuen konpentsazioa osatzen dutenak, zergen aitorpenak tarteko (normalean errenta-aitorpenen bitartez).
A. Amatasun– eta aitatasun-baimenak
Gurasoen baimenak ordaindutako baimenak dira eta haur berrien jaiotza edota adopzio kasuetan amatasun– eta aitatasun-baimenaren baldintzak dituzte hizpide.
Orokorrean, gizarte-sistema osoa hartzen dute barne. Izan ere, estatuaz gain, enpresa eta pertsona langileak ere presente daude, beren kotizazioen bidez beraiek mantentzeko adinako baliabide ekonomikoak sortzen baitituzte. Ondorioz, oro har, besteren konturako langileek soilik eskuratu dezakete baliabide hau, Europako errealitatea oso desberdina den arren.
Aldeak gorabehera (2. Eranskineko 2. taulan kontsultatu daitezke zehatz-mehatz), amatasun-baimenaren baldintzetan ildo komunak identifikatu daitezke. Profil generiko legez honela zehaztu genezake:
Besteren konturako emakume langile guztientzako prestazio unibertsala (herrialde batzuetan lan-merkatuan aktiboak ez diren emakumeei ere diru-laguntza ematen zaie, kopurua txikiagoa den arren).
16 aste inguruko iraupena (herrialdeen arteko aldeak 15 eta 20 aste bitartekoak dira eta Europako iparraldean apur bat altuagoak), nahiz eta 2009az geroztik Europa mailan zuzentarau bat lantzen ari diren, 18 astera igo dadin, eta Europako familia-elkarteek gutxienez 24 aste eskatzen dituzten (COFACE, 2009a).
Baimenean azken soldataren %100 jasotzen da batez beste (kasu batzuetan, hala ere, portzentajea baxuagoa da eta beste batzuetan oinarria ez da azken soldata, baizik eta azken hiru edo sei hilabeteen batez bestekoa); Europako familia-elkarteek diote inola ere ezin dela soldata gordinaren %85 jaitsi EBko kide den estatu batean ere (COFACE, 2009a).
Era berean, aitatasun-baimenaren figura ere aitortzen hasia da, nahiz eta oraindik umiltasunez. Europako herrialde askotan 10 eta 14 eguneko baimena ematen zaie aitei, ordainduta (normalean soldataren %100ean), jaio eta berehala (eta amaren baimenarekin bateragarria). Datu horien azterketa konparatiboaren zehaztasunak 2. Eranskineko 3. taulan kontsultatu daitezke. Aldi hori bat dator Europako familia-elkarteek erreklamatutakoarekin, gutxienez 10 egun eskatzen baitituzte %100ean ordainduta eta amaren baimenarekin bateragarria izanik (COFACE, 2011).
Hala ere, beste elkarte batzuentzat (PPiiNA, 2010) ez da inola ere nahikoa, aitatasun-baimenak amatasun-baimenaren baldintza berberak izan behar dituela eskatzen baitute, bai kopuruan, bai denboran, eta elkarren artean besterenezinak izan behar baitira, gizonek eta emakumeek beren seme-alaben bizitzaren hasieratik zereginen ardura partekatu dezaten.
Horrelako ekimenak, oraingoz, Eskandinaviako herrialde batzuetan soilik daude indarrean, esaterako Suedian edo Islandian. Hala, aitatasun-baimenaren iraupena areagotu egiten zaie amaren eta aitaren artean banatzen bada. Suediaren kasuan, adibidez, 2010eko Familia Legeak (2013an berrikusia) bizikidetza-unitatearen kontzeptua lantzen du, eta, beraz, a priori ez du ezartzen amarentzako eta aitarentzako politikarik; horren ordez, bi gurasokideek zereginak era parekidean partekatzen dituztela hartzen da oinarritzat1.
B. Diru-laguntza zuzenak
Jaiotzagatiko edo adopzioagatiko baimenez eta uztartzeko laguntzez gain, Europako herrialde gehienek babesa ematen diete seme-alabak dituzten familiei, diruzko transferentzia zuzenak egiten baitizkiete seme-alabak familiaren kargura dauden aldian.
Familiarentzako diru-laguntza sistemaren errealitate europarrak aniztasun handia islatzen du herrialde batetik bestera (eta baita herrialde baten barruko eskualdeen artean ere). Herrialde bakoitzak eredu desberdinak dauzka (2. eranskineko 4. taulan azterketa xehatuagoa edo indibidualizatuagoa ikus daiteke), ezaugarri komunak ere identifikatu daitezkeen arren.
Orokorrean, babes ekonomiko unibertsal bat dago, hilerokoa, 18 urtera arte mantendu ohi dena (nahiz eta berez 16 eta 27 urte bitarteko tartea dagoen, pertsona hori ikasten ari den ala ez kontuan hartuta). Hala ere, aldakuntza handiak daude, seme-alaba bakoitzeko 100 eta 150 € arteko batez besteko kopuruekin (igoerak daude seme-alaba kopuruaren, adinaren eta ezintasunen arabera).
EAEren kasuan, seme-alaba bakoitzeko diru-laguntza hori, kasu guztietan ematen dena kargurako lehen seme-alabaren jaiotzagatik, adopzioagatik edo harreragatik, honako kasuetan soilik mantentzen da bigarren haurrak edo hurrengoak izanez gero: 2 urtera arte, bigarren seme-alaben kasuan, eta 6 urtera arte, hirugarrenen eta hurrengoen kasuan. Ordainketa, beraz, urtekoa2 da eta aurretiaz eskaera egin behar da.
Diru-laguntza zuzenen unibertsaltasunari dagokionez, batez ere eredu eskandinaviarra eta Europako erdialdekoa duten herrialdeetan ematen da, eta, bestetik, eredu mediterraneoko herrialdeetan baztertuta dauden edo hala egoteko arriskua duten familiei soilik egiten zaizkie transferentziak. Aitzitik, hurrengo atalean ikusiko dugun bezala, herrialde mediterraneoetan zerga-sisteman oinarritzen dituzte familiei laguntzeko politikak.
Nahiz eta Portugalen, Italian eta Espainian baliabide murritzak (means-tested) dituzten familientzako diru-laguntza zuzenak soilik aurreikusten diren, beharbada kasurik eztabaidagarriena Espainiarena da. Izan ere, eredu mediterraneoaren barruan Espainian daude iraupen eta zenbateko baxuenak, bai eta laguntzak eskuratzeko diru-sarrera familiarren gehieneko muga murritzenak ere.
Seme-alaba bakoitzeko transferentzia ez puntualez gain, testuinguru europarrean ohikoa da, amatasunaren edo aitatasunaren baimenaren ondoren, herrialde batzuek diruz laguntzea lanaldi-murrizketa edo eszedentzia, kasu batzuetan amarentzat soilik eta beste batzuetan amarentzat edo aitarentzat. Epe hori (herrialde batzuetan kaleratzeetatik babestua dagoena) urtebete eta 6 urte bitartekoa da.
Neurri horiei guztiei dagokienez, EAE argi eta garbi kokatuko litzateke eredu mediterraneoan, nahiz eta elementu diferentzial batzuk dauden estatuarekin alderatuta, esaterako, uztartze-lanetarako eta seme-alaba bakoitzeko laguntzak. Izan ere, hileroko transferentzia unibertsalen faltak Europako erdialdeko herrialdeetako batez besteko eszenatokietatik oso urrun kokatzen du.
Hizpide dugun elementu diferentziala 177/2010 Dekretuko laguntzetan dago (aurreko kapituluan aipatzen zen bezala), eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden pertsonei zuzendua beren seme-alabak zaintzeko (eta enpresei ordezkapenetarako) bai eta familiei langileak kontratatzeko, seme-alaba adingabeak zaindu ditzaten. Horiek, urrats positiboa diren arren (eta diferentziala, estatuko egoerarekin alderatuta) ez dira nahikoak, inola ere, Europako errealitatearekin alderatuta.
Edonola ere, azpimarratzekoa da, Ortega Gaspar-ek (2012) adierazten duen bezala, neurriak arautze hutsak ez duela esan nahi neurriok arrakastatsuak direnik; beste elementu batzuek zeregin oso esanguratsua izango dute, esaterako “aldi horri emandako ordainsariak, gizartearen kulturak, malgutasunak, enpresen sektoreak edo hezkuntza-mailak”.
Izan ere, familia uztartzeko erraztasunak ematen dituen kultura soziolaborala falta bada, neurri publikoen eragina txikiagoa da. Bigarren kapituluan ikusi dugun bezala, enpresetako eta laneko kultura arrazionalagoak eta uztartzeko neurrien aldeko apustu publiko indartsuak soilik lortuko dute biztanleriaren zahartzea murriztea.
Baina, zer esan nahi du uztartzeko neurrien aldeko apustu publiko indartsua egiteak? Egile batzuen ustez, Gauthier (2007) kasu, babeseko baliabide eta zerbitzuak (hurrengo puntuan ikusiko ditugunak) lehen seme-alaba edukitzea (eta goiz edukitzea) gehien bultzatzen duten elementuak diren arren familiei laguntzeko politika publikoetan, transferentzia ekonomikoek “efektu biziagoak dituzte, batez ere bigarren seme-alabatik aurrera”. Ondorioz, haurrak hazteko babes ekonomiko garrantzitsuen sistema (beste faktore batzuekin batera, noski) funtsezkoa izango da EAEko jaiotza-tasa areagotzeko eta ongizate-ereduaren iraunkortasuna bermatzeko.
Era berean, Bradshawen (2012) esanetan horrelako laguntzak unibertsalak izan beharko lirateke, “familientzako politika publikoen eredurako aurreikusi beharreko sistema bakar gisa, desberdintasuna murrizten dutelako eta berdintasun horizontala sustatu, seme-alabak haztearen ahalegin unibertsala aitortzen dutelako eta haren kostu ekonomikoa konpentsatzen dutelako, aukera-berdintasuna bermatuz, jatorrizko familiaren maila sozioekonomikoa edozein izanda ere, eta, ondorioz, ordezkapen-tasa mantentzen lagunduz”. EAEren kasuan bereziki garrantzitsua da hori, biztanleriaren zahartzea batez ere ugalkortasun-tasa baxuaren ondorio baita (bigarren kapituluan ikusten genuen bezala).
Hileko laguntzez gain, herrialde batzuek hornidura osagarriak dituzte (zehaztasunak 2. eranskineko 5. taulan ikus daitezke), seme-alabaren jaiotzaren edo adopzioaren unearekin lotuta. Eremu honetan herrialde batzuek beste batzuek baino sentsibilizazio handiagoa dute eta kontzeptu desberdinak aurreikusten dira, baina bi talde nagusi bereiz ditzakegu:
Transferentzia zehatzak jaiotzagatik edo adopzio nazionalagatik (birth grant), hau da, estatuaren ekarpen zehatza familiari, haur berri bat jaiotzean.
Horrelako laguntzak komunak dira eta Eskandinaviako herrialdeetan (Norvegian kasu), Europako erdialdekoetan (Belgikan edo Frantzian) edo Mediterraneoko herrialdeetan (Espainian) aurreikusten dira. Aldea laguntza horien kopurua da: altuagoa da Europako erdialde eta iparraldeko herrialdeetan mediterraneokoetan baino, nahiz eta EAEko kopuruak Europako erdialdeko herrialdeetakoen oso antzekoak diren.
Transferentzia zehatzak nazioarteko adopzioagatik, hau da, diru-laguntza bat nazioarteko adopzio-prozesu baten berezko gastuak partzialki ordaintzeko. Zenbatekoa igo egiten da adopzio anitzen kasuan.
Talde hau nahiko komuna da, nahiz eta ohikoagoa den herrialde eskandinaviarretan, adibidez Danimarkan edo Finlandian, eta zenbatekoak askoz altuagoak diren. EAEk ere aurreikusten ditu, Frantzia bezalako Europako erdialdeko herrialdeek baino zenbateko altuagoekin.
Ikus daitekeenez, bi taldeetan EAEk Europa mailako herrialde aurreratuenetan dauden baldintza eta zenbatekoen antzekoak ditu. Bestalde, laguntza ekonomiko jarraituen gaineko inplikazio publikoa eskasa da, bai unibertsaltasunari dagokionez, bai zenbatekoari dagokionez.
C. Zerga-babesak
Azkenik, familiei diru-laguntzak emateko formula ohikoa zerga-sistemari buruzkoa da, batez ere zerga-kenkarien eta murrizketen bidez. Sistema honek, laugarren kapituluan adierazitakoaren ildotik, desabantaila batzuk dauzka, birbanatzeko aukera eskaintzen duen arren:
Batetik, gaitasun ekonomiko nahiko altua duten familiek soilik hartu ditzakete sistema honen onurak, diru-sarrera jakin batzuk ez dituzten familiek ezin baitute guztiz erabili.
Bestetik, sistema honetan gastuak urtebete beranduago konpentsatzen zaizkie, orokorrean hurrengo urteko zergen aitorpenetan egindako gastuak zuzentzen baitituzte.
Orokorrean, zerga-sistema erabiltzeko hiru maila daude Europan familiei laguntzeko politiken arloan:
Hasteko, herrialde eskandinaviarrak daude: zerga-sistema ia ez da existitzen familien kostuak konpentsatzeko sistema gisa, horiek sistematikoki orientatzen baitira familientzako transferentzia zuzenetara.
Bigarrenik, Europako erdialdeko herrialdeak daude, sistema hori erabiltzen duten arren, bigarren mailako posizioa ematen dietenak kostuak konpentsatzeko ereduaren barruan, nagusiki familientzako transferentzia zuzenak baitira.
Herrialde batzuek (Erresuma Batuak edo Frantziak, esaterako) “garatu” egin dute zerga-sistema, familiei laguntzeko metodo gisa baztertu gabe eta diru-laguntza zuzenekin bateragarri bihurtuz. Horretarako, itzul daitezkeen zerga-kenkariak erabili dituzte (aurreko kapituluan deskribatzen genituen), eta, hala, familia guztiei aukera ematen diete (eta ez soilik maila ekonomiko jakin bat dutenei) zerga-sistemaren onurak jasotzeko, baliabide murritzak dituzten familiei laneratzen laguntzeaz gain (making work pay)3. Edonola ere, SIISek (2013b) ondo baino hobeto dioenez, ezin dira gai izan urtebete beranduago kostuak konpentsatzearen ondoriozko arazoak konpontzeko, aurreikuspen eta zenbatespenerako ezarri dituzten sistemak ez baitira bat ere errazak.
Azkenik, multzo mediterraneoko herrialdeetan zerga-sistema da familien kostuak konpentsatzeko bide publiko nagusia eta familientzako transferentzia zuzenak ahulezia-egoeretarako soilik dira. Gainera, laguntza-sistema klasikoa da eta ez dago zerga-kenkari bihurgarririk.
Zerga-ereduan aurreikusitako jarduera-eremuei dagokienez, Europa mailan bi azpi-mota nagusi daude.
Batetik, eredu klasikoak (ikus 2. Eranskineko 6. taulako informazioa). Horietan batez ere familia egituratzeko gastuak konpentsatzen dira, esaterako menpeko ezkontidearenak, kargurako seme-alabenak edo menpeko beste pertsona batzuenak (normalean ezintasunen bat duten pertsonak eta arbasoak).
Gizon sustengatzailearen eredu klasikoa da, eta, ondorioz, bikotekideen baterako aitorpenak egiteko eta lehen aipatutako kontzeptuen zioz zerga-kenkariak edo murrizketak sartzeko aukera ematen du.
Eremu geografikoa batez ere herrialde mediterraneoetan kokatzen da eta laguntza publikoak zerga-sistemaren bidez bideratzen dira. Europako erdialdeko herrialdeetan ere erabiltzen da, baina intentsitate baxuagoarekin.
Bestetik, eredu aurreratuagoak (ikus 2. Eranskineko 7. taulako informazioa) daude. Horietan, familia egituratzeko gastuez gain, familia zaintzearen ondoriozko gastuak konpentsatzen dira. Ondorioz, ondorengoak eta aurrekoak zaintzeko gastuen konpentsazioa aurreikusten da (ezintasunen eta mendetasunen kasuetan), bai etxe barruan, bai etxetik kanpo (sistema formalak eta ez formalak).
Horrelako sistemak zaintzaren ondoriozko gastuak aurreikusteko zailtasunean oinarritzen dira, eta, beraz, urteko gastua egindakoan, zerga-aitorpena erabiltzen da konpentsatzeko.
Europako erdialdeko herrialdeetan erabiltzen da sistema hau (Frantzian, Alemanian edo Belgikan, kasu) eta partzialki konpentsatzen dira pertsonen kontrataziorako gastuak, seme-alabak edo menpeko adineko pertsonak zaintzeko etxean, egoitzetan, eguneko zentroetan edo haurreskoletan.
Datu horiek ikusita, eta kapitulu honen hasierako egitura-azterketarekin egiten genituen galderei erantzunez, non kokatzen da EAE? Europako herrialdeen zein taldetan sar genezake EAEko laguntza ekonomikoen eredua?
EAEk zerga-laguntza klasikoen eredu mediterraneoa zehazten duten ezaugarri ia guztiak ditu, lehen aipatutako baldintza gehienak betetzen dituenez gero:
Zerga-sistema da familia formalizatuen kostuak konpentsatzeko metodo nagusia (transferentzia zuzenak ez unibertsalak dira eta funtsean ahulezian edo bazterkerian dauden familiei zuzentzen zaizkie, ez baitira ikusten familiei laguntzeko tresna zehatz gisa).
Zerga-sisteman sartzen dira familian eragina duten elementu guztiak (besteak beste, hezkuntza, osasuna, ezintasuna, haurtzaroa, etxebizitza edo garraioa), eta tresna-esparrua bihurtzen dira familiei laguntzeko.
Sistema honetan zerga-ordainketa bateratuak egin daitezke (gizon sustengatzailearen ereduaren ohikoak), eta Europako iparraldeko herrialdeetan, aldiz, apurka-apurka atzean geratu da forma hori, berdintasun handiagoaren alde.
Hala ere, EAEren desberdintasuna zera da, kontuan hartzen duela familia zaintzeko kostuen konpentsazioa, nahiz eta ez zerga-sistemaren bidez, baizik eta familientzako transferentzia zuzenen bidez (etxean pertsona bat kontratatzeko laguntzen bidez) edo zerbitzu publiko zuzenen bidez (hurrengo atalean ikusiko dugunez), egoitza-baliabideak eta eguneko zentroak erabiliz ezintasunen bat duten edota mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko.
1 Hala ere, alderdi horrek eztabaida pizten du herrialdean. Izan ere, azterlan honetan HARO Familia Elkarte Nazionalak egindako kontsultaren arabera, gobernuak ez luke familien barne-autonomian esku hartu behar eta familia bakoitzak erabaki beharko luke bajako 480 egunak nola banatuko dituen (iraupen hori, bestalde, eztabaida-fasean dago, luzatzeko).